Historia
1983. urtean Tolosan sortua, eskaini dituen kontzertuen kalitateagatik, soinu zainduagatik eta programen originaltasunagatik nabarmendu da Hodeiertz Abesbatza.
Estatuko lehiaketetan eta nazioartekotan lehenengo sariak lortu ditu abesbatzak. Horien artean aipagarriak dira: Lehenengo Saria Nazioarteko Lehiaketan Varnan (Bulgaria) 1991n; 1996an Hodeiertzek Sidneyko Operaren Kontzertu-Aretoan jardun zuen, Koruko Musikaren Munduko IV. Sinposioan. 2003an hirugarren saria jaso zuen Gorizziako (Italia) Nazioarteko Lehiaketan.
Hainbat jaialditan parte hartu du: Missoula eta Atlanta (Estatu Batuak) 1993an; Marseilla (Frantzia) 1995ean; Brisbane (Australia) 1996an; Fano (Italia) 1997an; Donostiako Musika Hamabostaldia (1992, 1993, 1996 eta 1998, 2006 urtetan).
2001eko abuztuan Koru-Zuzendarien Britainiako Elkartearen Urteroko Konbentzioan parte hartu zuen abesbatza gonbidatu moduan, Londresen kontzertu bat eskainiz eta Gary Graden zuzendariarekin musika eskandinaviarreko lantegi bat eginez.
2003an Javier Bustoren “Missa Brevis” eta “Missa pro defunctis” lanen grabazioa aurkeztu zuen. Gainera, Nicolas Bacriren “Ixiltasunaren Ortzadarra” kantata estreinatu eta grabatu zuen Baionako orkestrarekin, Baionako Kontserbatorioko Abesbatzarekin eta KEA Ahots Taldearekin batera. Urte berean Umama! izeneko CD berritzaile bat grabatzeko aukera izan zuen Larte laukotearekin batera eta Juantxo Zeberioren moldaketekin. Diskoak koruko musika eta jazza uztartzen ditu. 2007an izenburu bera zuen beste diskoa grabatu zuten, musikari berdinekin.
2004. urtean programa polikoral bat eskaini zuen, besteak beste, 40 ahots nahasietarako Thomas Tallisen “Spem in alium” obrarekin, Euskadiko Orkestraren Egoitzan eskaintzen diren matinéetan, eta Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketaren amaierako ekitaldian, arrakasta handia lortuz. Urte horretan bertan, Banyoleseko (Girona) Udalak antolatutako Ahotsaren 1.go Jaialdian parte hartu zuen, gonbidatutako abesbatza gisa.
2005ko udazkenean Cocentaina Lehenengo Saria lortu zuen Fira Tots los Sants Lehiaketan eta 2006ko apirilean Indian bira musikal bat eman zuen hango gobernuaren gonbidapenarekin. Indiako auditorium garrantzitsuenetarikoetan abesteko aukera izan zuen, besteak beste, Delhin, Mumbaien eta Bangaloren. Urte bereko udazkenean Monteverdiren Gabonetako Bezperak prestatu zituen Hodeiertzek, Ordiziako Oroith abesbatzarekin batera. Ordiziako Barroko Aire zikloan eta Eguberrietan Tolosako Leidor Antzokian eman zituzten kontzertuak eta horien ondoren, Donostiako Hamabostaldian parte hartzeko gonbidapena jaso zuten bi abesbatzek.
2007 urtean berriro ere Larte Laukotearekin eta Juantxo Zeberioren moldaketekin Umama 2 diskoa grabatu zuen. Hura aurkezteko zenbait kontzertu eman zituzten bai Euskal Herrian, bai hemendik kanpo ere.
2008. urtea berezia izan zen Hodeiertz abesbatzarentzat, urte horretan 25 urte bete baitzituen eta urteurrena hainbat ekitaldirekin ospatu ere. Alde batetik, Mariborreko (Eslovenia) IX. Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan parte hartu zuen. Bestalde, kontzertu berezia prestatu zuten, abesbatza sortu zenetik ordura arte igaro ziren kideak bertan parte hartzeko gonbidatuz. Guztira ia 70 lagun bildu ziren, eta Hodeiertzen errepertorioko kanta gustukoenak eta adierazgarrienak abestu zituzten. Urteurrenarekin jarraituz, Cocentainako Fira Tots los Sants Lehiaketan parte hartu zuen abesbatza gonbidatu gisa, 2005an Lehiaketa berean lortutako lehen sariari esker.
2009 urtean berriz, eta Oroith abesbatzarekin lehenago bizitako esperientzia onak bultzaturik, berriro ere elkarlanari ekitea erabakitzen zuten. Urte horretan prestatutako piezak honako hauek dira: Rheinberger musikagilearen Cantus Missae, a capella abesten den meza bi abesbatzentzat eta Steve Dobrogosz musikagile amerikarraren Mass meza, abesbatza, pianoa eta harizko orkestrarentzat.
Azkenik, elkarlan honen emaitza emankor eta paregabea ikusirik, bi abesbatzek Tolosako 42. Nazioarteko Lehiaketan parte hartzeko erabakia hartu zuten eta horretarako ondorengo lekuetan eman dituzte hainbat kontzertu 2010 urtean zehar: Donostian, Baionan, Sardinian (Italia), Concordia Vocis izeneko nazioarteko jaialdian, Burgosen eta Basaurin.
Lan honek guztiak bere fruitua eman zuen, Oroith-Hodeiertz abesbatzak 3. saria lortu baitzuen folkloreko atalean; 4. saria polifonia atalean; eta atal guztiak kontuan hartuta, 5. postuan geratu zen.
Azken urte honetan Rheinbergerren “Cantus Missae” interpretatu du, Bergara, Avilés eta Torrelavegan EHU-UPVko abesbatzarekin batera emandako kontzertuetan. Uztailaren 24an Torreviejako 57. Nazioarteko Habanera eta Polifonia Lehiaketan parte hartu zuen.
